Grimm Anaien alegia ezagunetik abiatuz, Paraiso Antzerki Taldeak bertsio berezi bat egin du, non errimadun testua eta musika batzen diren, giro bitalista eta poetikoa sortuz.
Lau aktore musikarik, kontzertu baten erdian, era komiko eta musikalean beren zoritxarrak kontatzen dituzte: astoa, txakurra, katua eta oilarra dira. Guztiak bizitza ikaragarri baten sufrimenduez kexatzen dira: bakardadea eta kolpeak, gosea, kateak, ibilaldi luzeak eta labean amaitzeko beldurra… Zalantzazko ikuspegi horren aurrean amets bat nagusitzen da: Bremen. Eta horrela hasten da abentura.
Hantxe doaz, munduko bideetatik lau musikariak abesten eta musika-tresnak jotzen, nekeak eta etxeko minak harrapatzen dituen arte. Une horretantxe, hain justu, alegia guztietan bezala, etxe bat azaltzen da, gaua igarotzeko aterpe segurua dirudien etxola. Baina gau hori ez da lasaia izango, hiriko gangster talde batek etxe hori hautatu duelako bere harrapakina ezkutatzeko. Zorionez, zortea lau lagunen alde egongo da eta beren bidaia jarraitu ahal izango dute.
Ikuskizuna bizitzeko alaitasunari, laguntasunaren balioari, bidearen zailtasunei aurre egiteko ausardiari eta helmugara elkarrekin iristeko itxaropenari egindako kantua da. Helburua ez da soilik geografikoa, izan ere Bremen edozein lekutan egon daiteke, musika nota bakoitzaren bihotzean edo musika nota bat jotzen den edozein zokotan…
Sorkuntza hau Accademia Perduta – Romagna Teatri de Italia eta Paraiso Antzerki Taldearen arteko lankidetza-proiektuaren zati da. Agertoki gainean 30 urte daramatzagula ospatzeko era berezia da.